GALDERA: Eraikitako etxebizitzak erosteko orduan, Durangoko bizilagunek lehentasuna izatea planteatzen al da?

ERANTZUNA: Azkenean egiten den antolamendua edozein dela ere, etxebizitzak bi partzela-motaren gainean eraikiko dira: salmenta libreko etxebizitzen partzelak eta etxebizitza babestuen partzelak.

Salmenta libreko etxebizitzen lurzatien kasuan, ez dago besterentzeko baldintzak ezartzen dituen erregulaziorik. Partzelaren sustatzaileak ezartzen ditu salgai jartzen dituen etxebizitzak erosteko lehentasunak, eta salmenta-akordio batera iristen den edozein pertsonari saldu ahal izango dizkio.

Etxebizitza babestuen lurzatiei dagokienez, BEPBan Udalari esleitzea aurreikusten da. Udalak berak izapidetzen badu etxebizitza babestua esleitzeko prozedura, adjudikaziodunek bete behar dituzten baldintzen artean udalerrian bizi izatea ezartzeko ahalmena izango du, baita gutxieneko antzinatasuna ezartzea ere.

Hala ere, baldintza horiek eraikitzeko unea iristen denean garatu beharko dira.

————————–

GALDERA: Zenbat balio dute Udalak Eusko Jaurlaritzari eskainitako lurzatiek?

ERANTZUNA: Behin-behineko estimazio bat bada ere, akordioaren irismena kalkulatzeko lursail guztiak baloratu ondoren, gutxi gorabehera 20.000 euroko eragina izango duela aurreikusten dugu BOEen etxebizitza bakoitzeko, eta 50.000 euroko eragina izango duela etxebizitza TASATU bakoitzeko. Udalak babes ofizialeko etxebizitzetara bideratutako lursail guztiek (296) 5.920.000 euroko balio zenbatetsia izango lukete, eta tasatuek (106) 5.300.000 euroko balio zenbatetsia.

Hala ere, babes ofizialeko etxebizitzen lurzatiei dagokienez, alokairu sozialera bideratzea da Udalaren hasierako planteamendua; eta honek lursailen salmenta eragozten du. Izan ere, lursail horien prezioa kasik baliogabetu egiten da merkatuan.

Babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko aurreikusitako prezioa 100.000 euro ingurukoa da etxebizitza bakoitzeko. Alokairu sozialak tarte oso aldakorra du, familiaren diru-sarreren araberakoa baita. Ohiko alokairua hileko 300 eurokoa dela kontuan hartuta, 30 urte beharko lirateke inbertsioa amortizatzeko; beraz, alokairu sozialerako babes ofizialeko etxebizitzen partzelen benetako balioa gutxietsi egin daiteke.

————————–

GALDERA: Posible al da hiri-lurzorua landa-lurzoru bihurtzea, horrela eraiki ez dadin eta lurren %100ean parke/baso bat egin dadin?

ERANTZUNA: Lurzoru bat hiri-lurzoru gisa sailkatzeko ezaugarriak legez ezarrita daude. BEPBaren eremuko lurzoruak ez ditu betetzen landa-lurzoru (urbanizaezina) gisa sailkatzeko legezko ezaugarriak.

%100 parke/baso bat egiteko beste aukera batzuk daude. Lurzorua berdeguneen sistema orokortzat jo daiteke.

Hala ere, aukera horiek inplikazio jakin batzuk dituzte, eta inplikazio horiek praktikan bideraezina egiten dute, alternatiben dokumentazio deskriptiboan azaltzen den bezala.

————————–

GALDERA: Ezagutzen dugun aurreakordioaren arabera, orain trenaren trazaren urbanizazioa Udalak hartzen du bere gain. Argi dago, bertan egiten denaren arabera, kostua desberdina izango dela. Orain arte aztertu diren aukerak sare berdea edo bidegorria dira. Zein da urbanizazioaren kostuaren zenbatespena, aukera bakoitzaren arabera?

ERANTZUNA: Lortutako aurreakordioarekin, Eusko Jaurlaritzak Udalari lagako lizkioke trenbidearen traza zaharreko lurrak, Ezkurdiko BEPBaren mugatik Abadiñoko mugaraino. Behin lursail horiek Udalaren titulartasunekoak direnean, urbanizazioa erraztuko da. Urbanizazioa faseka egin ahal izango da, eta tarte labur batean ireki ahal izango dira, nahiz eta oraindik ez dagoen proiektuaren definizio teknikorik.

————————–

GALDERA: Kontuan hartuta legez eskuratutako gainbalioei ezin zaiela uko egin, eta azalpen-saioetan esandakoagatik, lege berriarekin Udalari plusbalioen % 15 dagozkiola, Udalak zenbateko hori nora bideratzea pentsatu du?

ERANTZUNA: Gainbalioen lagapenaren % 15 lurzati eraikigarrietan gauzatu behar da. Jasotako lurzatiekin gainbalioen % 15era iristen ez bada, ondoriozko monetizazioa lurzoruaren ondare publikora bideratu behar da.

Lortutako aurreakordioarekin, Durangoko Udalak plusbalioak lagatzeko % 15 bideratuko luke BEPBaren babes ofizialeko lurzatian alokairuko etxebizitza sozialak eraikitzera, partzelak entregatuz eta BEPBaren kudeaketaren ondoriozko monetizazioa Eusko Jaurlaritzari emanez, berehala eraikitzeko.

Era berean, gainbalio horien dirutzaren zati bat San Agustin eta Pinondo Etxeko zuzkidura-etxebizitzen proiektuetara bideratuko da.

————————–

GALDERA: Zein da San Agustin eta Pinondo eraikinen egungo balio ekonomikoa?

ERANTZUNA: Eraikinen balioa zehazteko, birjarpen-kostuaren metodoari jarraitzen zaio. Balio hori eraikina gaur egun eraikitzea kostatuko litzatekeen prezioari dagokio, eta antzinatasunaren eta kontserbazio-egoeraren araberako murrizketa-koefizienteak aplikatuko litzaizkioke.

Bi kasuetan, antzinatasunaren eta kontserbazio-egoeraren araberako murrizketa-koefizienteak oso txarrak dira; beraz, bi higiezinen tasazio espezializatua egin ezean, esan dezakegu bi eraikinen balio ekonomikoa txikia dela, eta birgaitze-obra garrantzitsuak behar direla berriro erabiltzeko.

————————–

GALDERA: Aurreakordio berriarekin, nork hartzen du bere gain BEPBari itsatsitako baina hortik kanpo geratzen den zatia urbanizatzeko kostua? Sasikoa eskualdeaz ari naiz, erdizka dagoen biribilguneaz…

ERANTZUNA: Aurreakordioan 6 milioi euro inguru bideratuko dira BEPBaren urbanizazio-obrak kudeatu eta egiteko, baita inguruko zonak kudeatzeko ere, hala badagokio.

————————–

GALDERA: Saio didaktikoetan gaizki ulertu ez banuen, legeria berria aplikatuta, eremuan garatu beharreko etxebizitzen proportzioak hauek dira: % 60 Etxebizitza librea, % 20 BOE eta % 20 PTE. Eman diren datuen arabera, eremuko aurreakordioan 310 etxebizitza libre eta 90 BOE aurreikusten dira; beraz, proportzioak hauek dira: % 77,5 Etxebizitza librea eta % 22.5 BOE eta % 0 PTE. Hau posible da?

ERANTZUNA: Hain zuzen ere, BEPBaren eremuan eraikigarritasun-koefizientea murrizteak berekin dakar legeria berrira egokitzea, bai eta udal-plangintza orokorraren aldaketara ere.

Babestutako etxebizitzen kopuru jakin bat beste eremu batzuetara transferi daiteke, baldin eta plangintza orokorrak indarrean dagoen legeriak eskatzen dituen estandarrak betetzen baditu. Transferentzia horiek egiteko modurik egokiena Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria (HAPO) izango litzateke.

————————–

GALDERA: 2005eko lehiaketako dorreak diseinatu zituzten arkitektoek erreklamaziorik egin al dezakete?

ERANTZUNA: Ez. Dorreen diseinua ez da loteslea izan hirigintza-plangintzaren ikuspegitik; beraz, ez dago ondare-erreklamazio bat egiteko arriskurik eraikinen diseinua aldatzeagatik.

————————–

GALDERA: Zein izango litzateke BEPBaren eremua bideragarria izateko gutxieneko eraikigarritasuna?

ERANTZUNA: Saio didaktikoetan azaldu den bezala, gauza bat da edozein hirigintza-garapenen hasierako bideragarritasuna; hau da, diru-sarrera guztien batukaria kostu guztien batukaria baino handiagoa izatea; eta beste bat, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan dituen eskubideak murrizteagatik Udalaren aurka egin litekeen ondare-erreklamazioa.

Eusko Jaurlaritzak dituen eskubideei buruz dagoen ziurgabetasun juridikoa eta Udalak aurrez aurre izan ditzakeen ondare-erreklamazioen balorazioak ikusita, kalkulatu da 0,90 m2/m2 dela eremuari eman behar zaion gutxieneko eraikigarritasuna, BEPBak gaur egun duen eraikigarritasun txikiagoko antolamendu-aldaketa bideragarri egin ahal izateko.

————————–

GALDERA: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) aplikatu behar zaio egitasmo berriari?

ERANTZUNA: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa garrantzitsua da hiri-diseinua zehazten den unean.

Kasu honetan, aurreakordioa balioesten bada hurrengo asteetan egingo den bozketa herritarrean, HAPO berrian txertatu beharko da. Bide hau hartuz gero, legeak behartu egiten du administrazioa Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egitera.

Beraz, bai, PERIaren moldaketarik ematen bada, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egingo da.

————————–

GALDERA: Posible da aurreakordioari buruzko informazio gehiago izatea, adibidez etxebizitza kopuruari dagokiola, proposamen errealistagoak egin ahal izateko?

ERANTZUNA: Herritarren Partehartze prozesuan aurkeztu dena Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lortutako aurreakordioa da. Saio didaktikoetan azaldu bezala, aurreakordio bi instituzioen arteko gutxieneko adostasun bat da, zeina herritarren aldetik balioesten bada, gehiago zehaztuko den hurrengo aste eta hilabeteetan.

Horrela, aurreakordioa aurrera joango da durangarren oniritzia baldin badauka soilik. Bozketa hau martxoan gauzatuko da eta herritarren partehartze prozesuaren ondorioak barneratuko ditu.

Udaletik uste dugu galdeketa herritar baten bidez hasi zen prozesu hau nahitaez bukatu behar dela berriro ere herritarren hitza entzuten.