AURREAKORDIOAREN GAKOAK

18 pisuko 5 dorrerik ez

Aurreakordio honen bidez PERIko eremuan eraikigarritasuna %36 murriztea lortzen da, 18 pisuko 5 dorretik 7,5 pisu inguruko bataz besteko batera pasata.

Aurreko planean 554 etxebizitza eraiki nahi ziren, zeinetatik 443 etxebizitza libre ziren eta 111 BOE. Planteamendu berri honetan, 154 etxebizitza gutxiago egitea da asmoa, eta murrizketa, batez ere, etxebizitza libreen kasuan izanik (133 etxebizitza libre gutxiago eraikiko dira).

Bi bide erabili dira eraikigarritasun murrizketa hau ahalbidetzeko. Alde batetik, urbanizazio proiektuaren kostuak jaitsi direlako. Eta bestetik, udalak BOE eta Etxebizitza Tasatuen partzela desberdinak eman dizkiolako Eusko Jaurlaritzari. BOE partzela horietako gehienak, gainera, Durangoko BOE Plana garatzeko erabili dira.

Berdegune gehiago

Aurreakordioak eraikigarritasuna murrizteaz batera, berdegune kopurua handitzeko aukera ematen du. Eraikinen altuera jaisteaz gain, berdeguneentzako espazioa irabazteko aukera eman du adostasun honek eta, estimazio teknikoen arabera, eremuan %20 igoko da eremu berde kopurua.

34.000 m2-ko berdegune lortzea da asmoa Durangoko erdigunean, 5 futbol zelai ingurukoa. Honek Durangoren erdigunean horren beharrezko den biriki berde bat sortzea ahalbidetuko du, kotxerik gabeko eta oinezkoentzako eta bizikletentzako izango den espazio erraldoi bat sortuz.

Durangoko BOE Plana

Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak Babes Ofizialeko Etxebizitza garatzeko Udalaz gaindiko Plan bat adostu dute aurreakordio honen baitan. Honetarako erabiliko dira eraikigarritasuna murrizteko Udalak erkidegoko instituzioari emandako Babes Ofizialeko Etxebizitzen partzelak.

BOEk garatzeko plan honek dituen zenbaki eta garrantzitsuenak ondorengoak dira:

– 240 babes ofizialeko etxebizitza eraikiko dira.

– Babestutako etxebizitza hauek alokairu sozialera bideratuko dira.

– Akordioa sinatu eta hurrengo 10 urtetan garatuko dira.

– 17,5 milioi inguruko inbertsioa suposatuko du gure herria.

– Kopuru honen gehiengoa, 15 milioi inguru, Eusko Jaurlaritzak Durangon egingo duen inbertsioa da Udalaz gaindiko plan honetan.

Babes Ofizialeko Etxebizitza hauek Durangoko puntu desberdinetan banatuta daude eta ez dira etxebizitza gehigarriak izango. Hau da, ez dira aurreakordio honen harira sortu diren etxebizitza berriak, jada aurreikusitako eraikuntzak ziren.

Etxebizitza hauen kopuru eta kokapenari dagokiola:

– 90 etxebizitza PERIko eremuan

– 23 etxebizitza Faustegoiena (San Fausto)

– 38 etxebizitza Arripausueta (Txibitena-Landako)

– 39 etxebizitza Birjinoste (Alde Zahar ondoan)

– 38 etxebizitza Larrasoloeta (Juan de Itziar alboan)

Udal Ondarea berreskuratu

Denok ondo dakigun moduan, San Agustineko ospitale zaharra eta Pinondo Etxea gaur egun erabilezin dauden bi udal eraikin dira. Gainera, Udal Ondare diren bi eraikin historiko dira hauek, eta inbertsio oso handia behar dutenak birgaitzeko.

Aurreakordio honen bidez bi eraikin esanguratsu hauek egokitu eta erabilera sozialetara bideratzea da asmoa. Beraien historian zehar funtzio soziala izan duten eraikin hauetan zuzkidura etxebizitzak egiteko planak garatuko dira, zaurgarrienak diren kolektiboak beraien etxebizitza beharrizanak asetuak izan ditzaten.

Esan bezala, diru kopuru oso handia behar dute bi espazio hauek. Honela, 6-7 milioi inguruko inbertsioa aurreikusten da proiektu hauek garatzeko, eta honen kopuru handiena Eusko Jaurlaritzak egingo du Udalaz gaindiko proiektu berri honetan (3,3-4,3 milioi inguru).

Eraikin hauen lagapena erabilerakoa izatea da asmoa, jabetza Udalaren esku mantenduz. Gainera, lagapen honen iraunaldia adostutako funtzio sozialerako bideratzen bitartekoa da, hau da, zuzkidura etxebizitzetarako erabiltzen diren bitartean soilik mantenduko da lagapena, eta hau aldatuz gero Udalaren esku geratuko da berriro eraikin hauen erabilera.

Trenbide zaharra erabilgarri

Aurreakordio honen bidez jada erabiltzen ez diren trenbide zaharreko zatiak Udalaren esku geratzen dira. Gaur egun itxita dauden eremuak dira hauek eta Eusko Jaurlaritzak bere titularitatea Durangoko herriari emanda epe oso labur batean hauek irekitzen aukera lortuko da.

Adostasun honen bidez herritarrok horrenbeste urtez ukatuta egon diren guneak erabiltzeko aukera izango dugu eta Durango bitan banatzen duten hesiak bota ahalko dira, herri barruko konexio eta mugikortasuna erraztuz. Honela, berdegune berriak eta bidegorri edo paseatzeko gune berriak sortzeko leku paregabeak dira.

Asmoa da aurreakordioa baliozkotzen bada, 2022an bertan hastea gaur egun arte itxita dauden eremuok zabaltzen.

Zorpetzerik gabeko adostasuna

Aurreakordio honen puntu garrantzitsuenetako bat bi instituzioen lana izan da. Lanketa partekatu honen bidez lortu nahi izan da bi erakundeen artean sortzen zen oreka finantzarioa neutroa izatea. Hau da, proposatuko den PERI berrian aurrez egon ziren zorpetzeri ez gertatzea.

Aurreakordio honekin helburu hori lortu da eta instituzio bien zenbakiak ondo zehaztu eta beraien arteko zorpetzea 0 da. Erakundeen gorabehera ekonomikoak oso kontutan hartu beharreko kontuak dira, eta kasu honetan aurkezten adostasun honek guzti honek kontutan izan ditu.

TESTUINGURUA:

19562021

Trenbidearen Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren baitako trenbide-eremuaren neurri eta kokapen ezin hobeek estrategiko bihurtzen dute proiektua Durangoren etorkizunerako. Udalerriko gune desberdinak lotzeko funtsezkoa da. Halaber, udalerrian bizi direnen eta bertan lan egiten dutenen bizi-kalitatea hobetzeko eta zentralitate-nodo bihurtzeko ahalmena du.

1990az geroztik, hainbat urrats eman dira trenbidea garatzeko: trenbidea lurperatzea, udal-plangintzaren aldaketak, eremuaren diseinua lehiaketa baten bidez, BEPBaren onarpena, hirigintza-jarduketako programaren garapena, urbanizazio-proiektua eta aurten bertan egindako herri-kontsulta. Egindako galdeketan durangarrei galdetu genien herritarren parte-hartzea sustatuko zuen prozesu bideragarri baten azterketa martxan jarri nahi zuten. Erantzuna baiezkoa izan zenez, beharrezkoa iruditu zitzaigun Hiri Antolamenduko Plan Orokor berrian (HAPO) txertatzea eta gogoeta egitea.

Herritarrek parte hartzeko prozesu espezifiko bat garatzeko beharra ikusi dugu, esparru horrek herriko beste gune batzuekiko interakzioan dituen erronkak eta ahalmenak ezagutarazteko eta aztertzeko. Durangoko herritarrak partaide egin nahi ditugu trenbidearen egiturazko antolamenduaren eta erabilera xehatuen definizioan, datozen urteetarako Durangoko eremuaren eta hiri-ereduaren kudeaketa-inplikazioak kontutan hartuta.